XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ULIAK

Zizeluan jarria, larogoi urteko zaharra berak egindako suaren aintzinean zagon.

Begiak garreri lotuak, gorputzak merexi atseden osoan.

Ixiltasun ikaragarria ilunbean hedatu zen.

Gau guziz bezala Ximun zaharrari denbora gelditu zitzaion... bizitzaren laburtasunaz gogoeta zonbaiten egiteko hain xuxen.

Harea hain laster erortzen da batzutan nun, eguntto batez, heriotzaren atarrian aurkitzen baitzare konturatu gabe.

Eta beharrik oroitzapenak baitituzu beti erne, behin bizi izan zarela jakiteko.

Bertzenaz... bertzenaz Ximunen kasuan zintazke.

Gaixo hunen bizitza larogoi urteko huts gaitz batez bete betea zen.

Gehienek hartzen duten bide berbera hartu zuen hastetik bururaino, bazterrerat urrats bat behin ere egin gabe.

Hartako bere oroimenean joritasunik ez.

Aments huts batzu bakarrik.

Ez zakien norengandik zauzkan, bainan edozoin gisaz aments hutsak egon ziren.

Gazterik ezkondu zen Marirekin, eta bi haur ukan zituzten, Antton eta Isabel, biak osasun onekoak, esposatuak, joanak.

Orai hemengo aldia kasik konplitua zuen... kasik.

Eta lasterka hurbiltzen zitzaion heriotza senditzen hasia zen.

Beldur?.

Bai, guziak bezala.

Bainan ez sobera halere.

Egia erraiteko ez zuen sentipen nabarmenik.

Bazen, bai, zerbait, bainan izenik ez duen zerbait.

Eta jin zen.

Beltz beltza eta ixila, gauza pausatu zen zaharraren eskumuturrean.

Marmuts ttipia jostetan hasi zen eskuaren gainean, arrazoin gabeko mogimenduak eginez.

Ximunek so egiten zion.

Eta ulia saltoka zihoan, alaia iduriz, antsirik gabekoa.

Gerizapean zela uste zuen lanjerrari ohartu gabe.

Gaixoa... Denen jakinean da gizona uliren hiltzaile amorratua dela!.

Betidanik hastio izan du animale ttipi hori.

Nola onar lezake, bada, ezertarako balio ez den izaki bat, bertzeen bizkar bizi dena, ustegabean, bere ttipitasunari ohartu gabe ibiliz?.

Ez! Eta sekulan ere!.

Bainan uli gaixoak ez zakien hori dena, eta mesfidatu gabe saltoka zihoan.

Hargatik bere begi ainitzek ez zuten ikusi suntsitzerat heldu zen eskua.

Zaharraren esku hilkorra erori zitzaion kolpe batez, eta bizirik gabe geratu zen eskuaren gainean.

Gero ulia hartu eta surat igorri.

Bat gutiago pentsatu zuen Ximunek marmutsa kiskaltzen ikusiz.

Bainan denbora berean halako larrimina senditu zuen barne barnean, ikaragarriko duda bat igarriz.

Nor hil dut egiaz?.

Erantzuna bixtan zen eta zaharrak nahiago zuen oherat joan, bere buruari egia erran baino.

Usaian ez bezala berehala lokartu zen, eta aments bat egin zuen....

Azkena.

Gau hartan uli bat etorri zitzaion.

Uli bat gaitza; ilun iluna.

Ximunen gorputza zangoetarik harturik, ulien erresumaraino ereman zuen, bere antzekoen artean bizi zadin.

Nork erran lezake ontsa bizi den orai?....